BASQUE ULTRA TRAIL ZIRKUITUAK ‘TRAINING DAY’ SAIO BAT EGINGO DU IGANDE HONETAN GASTEIZ-IRUÑEA BIGARREN LASTERKETAN IZENA EMANDAKOENTZAT
Entrenamendu-saio horretan parte hartzen duten korrikalariek probako gailur gorena, Beriain mendia, igoko dute igandeko ibilbidean. Hautatutako zatiak, Lizarraga eta Anotz artekoak, 25 kilometro ditu eta 1.300 metroko goranzko desnibela; GASTEIZ-IRUÑEA lasterketak, berriz, 130 km ditu guztira. Informazio guztia www.basqueultratrail.com web gunean.
BASQUE ULTRA TRAIL SERIES zirkuituko bigarren proba, GASTEIZ-IRUÑEA, maiatzaren 5ean, ostiralez, gaueko 12:00etan abiatuko da Arabako hiriburutik, mendiz mendi Iruñera iristeko, gehienez ere 36 orduko denboran. Proba prest dago ia, eta, horrenbestez, antolatzaileek ‘Training Day’ bat antolatu dute, erronka gogor horren atariko. Saioa igande honetan, apirilak 2, izango da, eta probarri egokia izango da indarrak neurtzeko eta nork bere erritmoan, ibilbidearen zati ikusgarrienetako bat ezagutzeko. Izena emandako korrikalarientzat da berez saioa, baina irekia da mendiko lasterketak maite dituzten guztientzat. Aukeratutako zatiak, Lizarraga eta Anotz artekoak, Beriain tontorra igotzen du, GASTEIZ-IRUÑEA lasterketako gailur gorena. Probak, osotasunean, 130 kilometro ditu eta ‘Training Day’ honetan parte hartzen dutenek 25 km egin beharko dituzte, 1.300 metroko goranzko desnibelarekin.
Irteera goizeko 8:30ean izango da, Olloko (Nafarroa) frontoian. Handik, antolakuntzako autobus batek Lizarragara eramango ditu korrikalariak. Ibilbidean, partaideek bi anoa-gune izango dituzte: Beriain tontorreko San Donato ermitan eta Olloko helmugan bertan. Igandeko saioan esku hartu nahi dutenek gaur eta bihar artean baieztatu beharko dute parte-hartzea, info@basqueultratrail.com helbidera e-mail bat idatzita. Maiatzaren 5eko GASTEIZ-IRUÑEA probarako izena eman dutenek doan parte hartu ahal izango dute, eta izena eman gabe daudenek 20 euro ordaindu beharko dituzte.
GASTEIZ-IRUÑEA proba maiatzaren 5 eta 7 artean jokatuko da, eta Mont Blanceko Ultra Trail (UTMB) probarako puntuagarria izango da. Guztira 130 kilometro izango dira, eta 12.700 metroko desnibel metatua: 6.300 gorantz eta 6.400 beherantz. Lasterketa Arabako hiriburutik abiatuko da, eta Okina, Azazeta, Lizarraga, Izarbe, Atondo, Eritze, Oteiza eta Berriogoititik igaro ondoren, Iruñean amaituko da. Tartean hainbat gailur esanguratsu ere igo beharko dituzte korrikalariek : Lendiz, Zalbizkar, Kapildui, Itxogana, Santa Elena, Arrigorrista, Baio, Legunbe Maiza, Beriain eta Ezkaba, hain zuzen.
Lau hiriburuak mendiz mendi lotuko dituen zirkuitua
Bilbao-Gasteiz; Gasteiz-Iruñea; Iruñea-Donostia eta Donostia-Bilbo. BASQUE ULTRA TRAIL SERIES zirkuitua, bete-beteko kirol-erronka da: guztira lau ultra trail lasterketa izango dira 2017an zehar, Hego Euskal Herriko lau hiriburuen artean, eta 500 kilometroko ibilbidean 99 gailur igo beharko dituzte partaideek, horietako batzuk gure geografiako tontor eder eta enblematikoenak.